top of page

 1. ariketa 

 

IRAKURRI ARRETAZ TESTUA  ETA ERANTZUN GALDEREI

 

V kapitulua

51Egun batez galdegin zeraukaten Alexandro handiari, ea nolatan erdietsi eta irabazi zuen hanbat biktoria? Hanbat on eta onhasun? Hanbat hiri eta erresuma? Eta ihardetsi zuen laburzki: Nihil procrastinans. Ez deus luzatuz, ez deus biharamuneko utziz. Etzuela egundaiño egunean egin ahal zezan gauzarik biharamuneko utzi; etzela egundaiño gerokoan fidatu, eta halatan hain irabazi handiak egin zituela.

        Ezkaitezilla beraz gu ere gerokoan fida. Zeren geroko hartan, bentura bat ahal badateke ere, ez ordea segurantzarik; eta erhokeria handia da segur behar duen gauzaren, benturan ibentzea: biharamuneko esperantzan eta perilean uztea.

 

LEXIKOA

Zeraukaten: zioten

Egundaiño: sekula

Egunean: orain

Ezkaitezilla: ez gaitezela

Gauzaren: gauza

Ibentzea: ipintzea

Perilean: arriskuan

 

GALDERAK

  1. Zein da testu honen gaia?           

  2. Zer mezu dakar?

  3. Zer euskalkitan dago idatzita?

  4. Zertarako erabili du egileak Alexandro Handiaren istorioa?

  5. Idazleak maiz erabiltzen du sinonimia. Zer helbururekin? Topatu adibideak testuan.

  6. Paralelismoa ere darabil  erruz. Aurki itzazu adibideak testuan.      

  7. Ohartu zenbat galdera dagoen testuan. Horrek lagunduko dizu, ziur aski, idazlea identifikatzen.

 

 

 2. ariketa 

IRAKURRI ARRETAZ TESTUA ETA ERANTZUN GALDEREI

 

V kapitulua

87 Abiatu zen egun batez Iondone Petri, itsas gaiñean, Iesukristo bere nabusiagana. Eta abiatu zen berehala oiñez, untzirik eta xaluparik edo batelik gabe, leihorrean izan bailliz bezala, fidantzia handi batekin, esperantza segur batekin, bere Iainko nabusiagana zihoanaz geroztik, haren faborearekin batean, itsasoak iasanen zuela, etzela ithoko, eta ez hondatuko. Eta etzen ez enganatu. Zeren fidantzia hark iraun zeraukan bitartean iasan zuen itsasoak, etzen ondora, leihorrean bezain segurki eta gogortki finkatzen zituen oiñak. Baiña gero haize bat iaikirik, itsasoa handitzen, eta haserretzen hasi zenean, hasi zen halaber Iondone Petri ere, izitzen, ikharatzen, dudatzen, esperantzaren eta fidantziaren galtzen. Eta nola baitzihoan dudatuaz, eta fidantziaren galduaz, hala zihoan itsasoan barrena ere sarthuaz, estaliaz eta hondatuaz: halako moldez, ezen azkenean guztiz honda etzedin, bere nabusiak eskua goiti edukitzeko, eman behar izatu baitzeraukan, erraiten zioela: Modicae fidei, quare dubitasti? (Mt. 14). Ha fede aphurretakoa, fidantzia gutitakoa, zergatik dudatu duk? Zergatik ez aiz leheneko gogoan eta sinhestean fin egotu? Fidantzia izan zuen bitartean, ongi ioan zeikan, orduan iasan zuen itsasoak. Baiña fidantzia hura faltatu zeikanean, faltatu zeikan itsasoari ere, iasaiteko eta sostengatzeko indarra eta botherea. Halatan erraiten du errege Davitek: Qui confidunt in Domino sicut mons Sion. Iauna baithan fidatzen direnak Siongo oihana eta mendia bezala izanen dira: hura bezain fermo, fintko, segur eta bortitz.

 

GALDERAK

  1. Zer espresamolde dago ia testu osoan?

  2. Zer mezu igorri nahi digu idazleak bukaeran?

  3. Testua sinonimoz beteta dago. Identifika itzazu.

  4. Zer egin du idazleak bere tesia indartzeko?

 

IRAKURRI TESTUA ARRETAZ ETA ERANTZUN GALDEREI

 

ERDITZEAREN GAÑEAN

 

Bi esposak zirenean

borda xarrean sarthu,

ahalik hobekiena

bazuten gerizatu.

 

Biharamunean beha

zeudezela tristerik,

erditzeko orena zen

herstu uste kaberik.

 

Illhargiak zuenean

egin bide erdia,

seme ederraz erdi zen

Birjina Ama garbia.

 

Hargatik etzuen galdu

Birjinen ohorea:

ezeñ mundantzarik gabe

egin zuen Semea.

 

Emagiñaren etzuen

niola ere beharrik:

zerengatik ez baitzuen

sentitu dolorerik.

 

Bulharra zitzaion betan 4+4

mirakuluz ethorri: 4+3

edoskitzera zioen 4+4

eman bere Haurrari. 4+3

 

Amak ase zuenean

eta ungi unhatu,

denborak ziotsan bezain

ungi zuen troxatu.

 

Manjaterean pausatu

zuen lo egiteko:

ezen berze sehaskarik

etzuen emateko.

 

GALDERAK

  1. Etxeberri Ziburukoaren bertsoak dira honakoak. Zer liburutan aurki daitezke?

  2. Zertarako egin zituen?

    1. Otoitz egiteko itsasoan

    2. Kantatzeko

    3. Katetxima ikasteko

  3. Zer gai darabilte?

  4. Zein dira metrika eta errima bertsootan?

 3. ariketa 

IRAKURRI TESTUA ARRETAZ ETA ERANTZUN GALDEREI

 

SANT IGNAZIO LOHYOLAKOARI

ESKERRAK

 

O Ignazio, Eskaldun

guztien ohorea:

zeruetan zaren, othoi,

gure othoitzgillea.

 

Kitaturik gerletako

bandera, urguilluak,

hautatu zintuen Jesus

onaren konseilluak.

 

Franzes Xabier zen zure

banderara ethorri,

zeiñ baitzinduen Indien

Apostolu egorri.

 

Zure banderara ziren

bi anahia Egiak,

Aitonen seme nobleki

iauregian haziak.(...)

 

Hasi ziñen gerla egiten

Luter apostatari,

hasi bihotza argitzen

infidel itsuari.

 

Eskolak zintuen bazter

guztietan ideki,

hetan gazte errebesak

berthutera iraiki.(...)

 

Bereziki ni nazaitzu

zordun, zeren zuretan,

dakidana ikhasi baitut

eskola sainduetan.(...)

 

GALDERAK

  1. Norenak  dira bertsook? Zer liburutan aurki daitezke?

  2. Zer gai darabilte?

  3. Zein dira metrika eta errima bertsootan?

 

 4. ariketa 

IRAKURRI ARRETAZ TESTUA ETA ERANTZUN GALDEREI

 

Untziaren gatik guztiek egiteko othoitzak

 

  (…) Untzia salborik heldu denean

Zenbat mendi ferdeetan baita belhar husua,

Husuagoa dagotzu eskerrezko kantua.

Zeren elzaurraren pare delarikan untzia,

Guardatu baituzu oso eta salbo guztia.

Hanbat beraz duzula esker zenbat handietarik,

Itsasoan begiratu baituzu kaltetarik.

 

Untzia galtzen bada

O Iongoiko tristetuak esportzatzen tutzuna,

Arren konsola ezazu doloratu presuna.

Ezen gure bihotza da triste eta larria,

Zeren itsasoan galdu dugun geure untzia.

Hartarakotz bada hartu dugun kalte handiaz,

Pazienzia iguzu arren zeure graziaz.

Eta egizu gaitza den arimaren onetan,

Ontasuna nola zure esker eta kantetan.

 

Untzia buthatzean

Iauna egorrazu ungi|| barkha istillerotik, 15

Nola bethi dohatsuki illkhiko den portutik.

Itsasoko o Patroñak, Birjina dohatsua,

San Piarrez, eta Andrez, eta Elmu Saindua.

Egiozue Iongoiko puxantari eskea,

Kaltiarro gertha eztadin buthatzen den barkhea.

 

Untzia zaharturik enkallatzean

Iauna untzi zahartua uraren bazterrera,

Itzultzen dugu egin zen istillero berera.

Hartarakotz laudorio zaitzula errendatu, 

Perill hanbaten artean zeren duzun guardatu.

 

GALDERAK

  1. Etxeberri Ziburukoaren bertsoak dira honakoak. Zer liburutan aurki daitezke? Zertarako idatzi zituen?

  2. Zein dira metrika eta errima bertsootan?

  3. Topa ezazu hiperbatona testuan, aditzetan hain zuzen ere.

  4. Zer euskalki darabil Etxeberri Ziburukoak?

 5. ariketa 

 

TARTASEN IDAZKERA ASKE, LOKABE, IA PUNTURIK GABEA DA. HONA HEMEN HAREN TESTU BAT NON IKUSIKO DUZUN EZAUGARRI HORI. TARTAS AXULAR BAINO TRAKETSAGOA DA.

 

IRAKURTZALIARI

Neure adeskidia, igaren urthian egin dut eta ezarri argira libruto bat euskaraz, zoiñen izena baita Onsa Hilzeko Bidia eta konprenitzen baititu onsa hilzeko moienak, han ageri den bezala. Geroz aurthen Iinkoaren aiutu saindiarekila batian egin dut eta nahi kanporat idoki bertze piezato bat, zoiñen handitarzuna oro zerraturik baitago esku bat paperen boluman. Han ikusiko duzu hirur prinzesa ederrik, zoin baitira orationia, barura eta amoina; halaber goix-arratzez egin behar duzun konzenziaren examena eta Andere honaren lethariñak. Haien irakurtzian egiten baduzu zure arimaren profitia eta Iinkoari othoi egiten obra honen Autoragatik, ukhenen drauzut mila obligatione eta Iinkoak emanen drauzu zelian zure penaren rekonpensia.

Aruen, urrietaren 29. 1667

 

LEXIKOA

Igaren: igaro, igarotako

Moienak: bideak

Amoina: limosna

 

ADITZ LAGUNTZAILEAREN ELIPSIA

- Neure adeskidia, igaren urthian egin dut eta ezarri (DUT) argira libruto bat euskaraz. (konsonante hasperenduna urthian).

- Kanporat:

- Geroz aurthen Iinkoaren aiutu saindiarekila batian egin dut eta nahi (DUT) kanporat idoki bertze piezato bat.

- Errotazismoa Bertze.

 

ZEINISMOA ETA HITZ ORDENA (zein+ bait, non+bait erabiltzea)

 

-(…) libruto bat euskaraz, ZEINEN izena BAITta Onsa Hilzeko Bidia eta konprenitzen BAITitu onsa hilzeko moienak [bideak], han ageri den bezala.

 

Eta ez: (…) libruto bat euskaraz, ZEINEN izena Onsa Hilzeko Bidia BAITta eta onsa hilzeko moienak [bideak] konprenitzen BAITitu, han ageri den bezala.

 

-Han ikusiko duzu hirur prinzesa ederrik, ZEIN BAITira orationia, barura eta amoina.

 

Eta ez: Han ikusiko duzu hirur prinzesa ederrik, ZEIN orationia, barura eta amoina BAITira.



 

IDENTIFIKATU ONDORENGO EZAUGARRIAK BEHEKO TESTUETAN: ELIPSIA/ ZEINISMOA/ NOLA… BAIT- / HALA NOLA … BAIT- / EZI EZ.

 

A Testua:

 

Uda gorrian eta beroaren kontra xerkatzen du itzalbe on bat freskatzeko, eta negu hotzean eta gogorrean su on bat edo iguzki bero bat ontsa berotzeko; eta nola udan itzalak gizona hozten eta freskatzen baitu eta neguan suak eta eguzkiak goritzen eta berotzen, hala-hala bekatuan denean bekatuaren itzalak hozten du eta itzaltzen haren bihotza, hala nola Jainkoaren amodioak, su batek eta iguzki batek bezala, baitu azkartzen eta berotzen. Eta zeren gizonaren bihotzean munduaren amodioa hobeki eta barnago landaturik eta josirik egoten baita, ezi ez Jainkoaren eta zeruko gauzen ohorea, munduak eta bekatuak haren bihotza, hotzak eta itzalak bezala, desegiten dute, desbiatzen, hozten eta itzaltzen.

 

B Testua

 

Naturalistek diote bipera dela suge mota gaixto bat, zeinek bere ausikiaz jendeak eta animaliak pozoiturik komunzki hiltzen baititu, eta haren ausiki gaixtoren sendotzeko ez dela erremedio hoberik edo kontrapozoi seguragorik, nola bipera suge haren beraren errautsa; sugeak behar duela erre eta, gero erraustu denean, non ere baita zauria eta ausikia, han ezarri eta aplikatu sugearen errautsetik, eta zauria eta mina quand et quand sendotzen direla.



 

Azalpen edota laguntza gehiago behar izanez gero hona hemen kontsulta dokumentua:

Literatura: XVI-XVII. mendeak.

 

 6. ariketa 

XVII. mendeko literatura

© 2014 by Irati, Ione & Miren. Proudly created with Wix.com

bottom of page